webeuskeraz3.jpg

KMK 2020: Korri, punpa, ttak.

KILOMETROAK IKASTOLAK DIRA

Lau urteko hausnarketaren ondoren pozik eta harro iragarri genuen Gipuzkoako ikastolek 2020ko Kilometroek eredu berri bat izango zutela. Zubimusu ikastolaren eskutik Gipuzkoako ikastolok 2019ko urrian heldu genion eredu berria ezartzeari. Pandemia-egoerak, baina, ez digu ekimena bere osotasunean garatzen utzi. Halere, goraipatu egin nahiko nituzke Zubimusu ikastolak egin dituen ahaleginak ekimena egoera “berrira” egokitzeko, eta Gipuzkoako ikastolen elkartasuna.

Egun bizi dugun egoerak gure egunerokoa aldatu egin du, eta kasu askotan, baita hankaz gora jarri ere. Sakon hartzen dugu arnas, eta birtualtasunean bilatzen ditugu izarte-urruntzearen eta errutinaren aldaketen ondorioz gure baitan gertatzen denari bide emateko espazioak. Pixkanaka-pixkanaka konfinamenduaren triskantzaz ohartzen gara, eta jakin badakigu, -eta hala sentitzen dugu-, krisia ez dela soilik osasun arlokoa. Eta COVID-19aren garaiko emozio ugariren kontzientzia hartzen ari garen honetan, funtsezkoa da eusten digun eta parte garen taldearen balio eta indarraren aitortza egitea. 

Eta maite dugun talde baten parte garela jakiteak, ikastolen mugimenduaren parte, gure lanaren erdigunean norberaren eta ingurukoen zaintza jartzen laguntzen digu. Batzuetan errealitateak gainditzen bagaitu ere, garrantzitsua da ibilbide kolektiboak eraikitzea gure osotasuna babesteko eta elkarrekin egiten dugun lanaz gozatzeko. Ikastolen mugimenduak bere sorreratik egin duenari lehentasuna ematea, alegia. Krisi honek aukerak ematen dizkigulako mugimendu herritar, komunitario, euskaldun eta
eraldatzaile hau bizirik mantentzeko.Pandemiarik gabe ere hori baitzen Kilometroak ekimenaren eredu berriaren helburua.

Mugimendu herritarretatik eraikitzen diren sareak boteretsuak eta ezinbestekoak dira, eta horien alde lan egiten jarraitzea funtsezkoa da gure burua modu kolektiboan zaintzeko, orainean eta etorkizunean.
Eta Gipuzkoako ikastolen jaiak horretarako aukera ematen digu. Kilometroak elkar zaintzarako sarea da. Kilometroak krisiari erantzun kolektiboa ematea da. Kilometroak taldea da. Kilometroak euskaraz bizitzea da. Kilometroak hezkuntza-eredu propioa eraikitzeko bidearen zati bat da. Kilometroak ikastolak dira.

Nekane Artola (Gipuzkoako Ikastolen lehendakaria)