Larunbatean ere batera, bagara eta bat izan ginen!

Larunbatean ere batera, bagara eta bat izan ginen Goierriko hiru ikastolak! Izan ere, egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan genuen Beasainen, Ordizian eta Lazkaon. Eguraldia lagun, parte-hartzaile zein ikus-entzuleek primeran pasatu zuten!

 

Euskal joko eta kirolak Ordizian

Egitarauarekin hasteko, Euskal joko eta kirolen txapelketa ospatu zen goizean zehar Ordiziako Jose Migel Barandiaran plazan. Txapelketa hau Ikastolen elkarteko jaien baitakoa izanda, parte hartzaileek osatutako taldeak Euskal Herri mailako ikastolen izenean osatutakoak izan ziren. 

Giro onean eta euskara ardatz hartuta, lehiakideek hainbat proba egin behar izan zituzten: herri kirolak, jolas ezberdinak, dantza-koreografiak, bertsoak… parte-hartzaileak gustura ibili ziren!

Argazki gehiago Goierriko Hitzako albiste honetan: 

https://goierri.hitza.eus/2021/10/02/euskal-joko-eta-kirolen-topaketa-egin-dute-ordizian/?fbclid=IwAR1fSOZlQniJ3F1SUSAK8pQcX4w3zSHNkx6bUdHYH_rH7okUe_I0KMTSMYI 

 

Haatik dantza talde garaikidearen emanaldia Beasainen

Beasaingo Urbialde plazan, arratsaldeko 18:00etan, Haatik dantza talde garaikideak Errimak oinetan ikuskizuna eskaini zuen, bertso doinuak dantzaren bidez uztartuz. Aforoa beteta, eta eguraldia lagun, jendeak ikuskizunaz gozatu zuen zuzenean

 

Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez musikarien kontzertua Lazkaon

Lazkaon ere izan zen zer gozatua arratsaldean, izan ere, San Benito ikastolako DBHko patioan, Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez musikariek kontzertu berezia eskaini zuten. Han ere aforoa beteta eta giro onean, jendeak ikuskizuna gozatu zuen.

Horrela bada, larunbatean, denetik eta denontzako egindako egitarauaz gozatzeko aukera izan genuen hiru herrietan. 

 

Batera, bagara eta bat gara!!