Agenda 21

ZER DA?

Ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen jasangarrian esku hartu eta laguntzen du. Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.

Bere ezaugarri garrantzizkoenak hauexek dira:

  • Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea.
  • Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du.
  • Kudeaketa arduratsu eta jasangarria sustatzen du.
  • Curriculum-berrikuntza eragiten du.

NORENTZAT DA?

Hezkuntza-komunitate osoari zuzentzen zaio:

  • Irakasleak dira programaren dinamizatzaileak eta curriculumaren egokitzapenaren arduradun nagusiak.
  • Ikasleak benetako protagonistak dira fase guztietan.
  • Familiek parte aktiboa dute etxean eredu arduratsuak eskainiz.
  • Langile ez-irakasleek programaren antolamenduan, diagnostikoan eta kudeaketan parte hartzen dute.

ESKOLA AGENDA 21 GURE IKASTOLAN

San Benito Ikastolako ikasleak euren ikastolan eta udalerriaren ingurumen-kalitatean eragina duten arazoetan parte hartzen, erabakiak hartzen eta inplikatzen ohitzea helburu duen Eskola Agenda 21 programa betetzeko konpromisoa hartu zuen 2006.urtean, Lazkaoko Udalak eta San Benito ikastolak, biek sinatutako akta baten bidez. Garapen jasangarrirako hezkuntzarekin bat egin zuten hala bi erakundeek.

Jasangarritasunak dituen zenbait arazoei aurre egiteko ahalik eta ikuspuntu gehien behar dira eta hau denen parte-hartzea bultzatuz egin behar da.  Honetarako Agenda 21a oso lanabes garrantzitsua da eta proiektu honetan San Benito ikastolakoek ilusio handiz dihardugu.

Eskola Agenda 21en aurtengo gaia, Goierriko beste herriekin adostuta, LURZORUA da.